XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goardasolaren estokada sakon batez galderari puntua jarririk, aterantz egin zuen Stalvecchio doktoreak, garaileen pauso lasaian.

Egia esan, nik, erantzuna bainoago, berari ordainetan egiteko galdera sorta bat nuen, erantzulerik gabe ezezik, entzulerik ere gabe geratu zitzaizkidanak: ez al zen bere hitzetan Museokoa ezein duda barik erromatar zenbaki bat?

Ez al zen barreragingarria garai hartan eta hartarako zifra arabigoak erabil zitezkeela esatea?

(Arabeen presentzia eta kultur ekarriaren adibidetzat Bucceccha xakelariaren kasua aipatu nionean, nola 1266. urte inguruan han aritzen zen Signoriako plazan desafio-erakusketan, berak taulatuari begiratu gabe buruz jokatuz, esan ez zidan, bada, ea nora joan nahi nuen haur batek ere asmakeriatzat joko zuen mairu kontu horrekin...)

Eta orain arabiar zenbakien erabilera onartzera makurtzen bazen azkenean, hala ere (hemen neure klimax isila:), ze harri numeratzeko erabil zitekeen zero bat?

Gerora, orduan entzun nahi izan ez zizkidan adierazkizunei erantzunez, eta frogarik aski ez omen zenez bigarren harri-araketa bat egiteko baimena eskatu nuelarik, errespetu guztiarekin xelebretzat jo behar dudan argumentu ad hoc - edo akaso, ad mulierem - halako batekin txunditu gintuen Milanoko katedradunak (...).